Vagan errantes por el blanco vacío de un papel virtual inmenso como un desierto. Son sólo palabras que fluyen vivas y que a veces tienen sentido.
lunes, 27 de diciembre de 2010
Hormaren malkoak
Hementxe nago, munduari begira. Nahiz eta begirik ez eduki, nire inguruan zer gertatzen den jakitea gustatzen zait. Jendea joan eta itzuli, presaka. Eta denbora, nahi gabe, pasatzen da. Batzuetan, haurrak niregana etortzen dira eta aho zabalik irakurtzen dute.
- “Aita, aita… nor da Mikel?
- Ez dakit, alaba”.
Orain dela hamar bat urte, gazte batzuek ‘MIKEL ASKATU’ leloa nire gainean idatzi zuten. Eta, bereziki, oraindik oroitzen naiz negar egiten zuen 18 urteko neskatxo batez. Bere lagunararen izena jartzen ari zenean, malkoz beteta, letra bakoitzean labankada bat sentitzen zuen bihotz erdi-erdian. Azken hitzarekin oihu goibel batek bere ahotik ihes egin zuen, askatasunaren asaskaldia.
Han geratu zen, nire gainean eusten, bere aurpegia nirean itsatsita. Eta gero ukabilkadak eta ostikadak ematen hasi zen. Orduan, nik ez nuen jakin zer esan, ezta gero ere, eskuetatik odola ateratzen hasi zenean. Gorriz zikinduta, utzi nuen hura egiten eta begiak itxi nituen, badaezpada.
Artekako izpi urdinak, bat-batean, bizitzen ari ginen iluntasuna argitu zuten, indarrik gabe eta etengabe. Gero eta altuago entzun zen sirenaren hotsa, oihartzunarekin eta guzti. Iratzargailu madarikatua¡¡¡ Akabo gure artekoa.
Hutsik geratu nintzen, beso zabalik, norbaiten zain. Ametsa pentsatu gabe etorri zen eta, ezer esan gabe, joan zen. Eta bera ere bai. Momentu batean, betirako nirea zela sinestu nuen. Gizajoa¡¡¡ Egiatik inoiz baino urrutiago…
Azkenean, horma bat bakarrik izan nintzen berarentzat. Eusten ahal duen tokia, malkoak uzten ahal dituen sorbalda... Oraindik, elkar ikusten dugu. Nire alboan ibiltzen denean, begirada bat botatzen dit eta erdi ezabatua bere lagunaren izena ikusten du. Baina Mikel ez da agertu, ez dago. Eta berarekin, joan ziren malko guztiak. Bereak… nireek hor jarraitzen dute, egunero lurrera erortzen. Inork ez daki zer gertatzen den... agian zulo batetik ateratzen dena tantaka edo, besterik gabe, hezetasun handiaren ondorioak. Utzi zituen malkoak.
Gauero beraren zain egoten nintzen baina sekula ez zen itzuli. Gustatuko litzaidake berarekin hitz egitea edo zerbait gehiago. Bere kezkak hartuko nituzke nire bularrean, beharbada. Gau hartan bezala, lekukorik gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario